Gaztak

Etxeko ardiek emaniko esnez soilik egiten dugu gazta. Aldi berean artzainak eta gaztagileak gara.

Gatza ezinbestekoa da gazta egiteko. Gazta ekologikoa egiteak gatz berezia eskatzen digu, ahalik eta naturalena (besteak beste, gatza ez trinkotzeko produkturik gabea, alegia). Horrez gain, aberatsa den gatza bilatzen dugu. Hori dela eta, Guerandeko (Bretainia) gatza erabiltzen dugu, magnesioan eta bestelako mineraletan aberatsa delako, baita oligoelementuetan ere.

Gure gaztaren itxurak, askotan, harritzen du jendea, zuria ez delako. Baina, zer alde dago bata eta bestearen artean? Ezberdintasun bakarra da gure gazta ez dugula urez garbitzen, eskuila lehorrez igurzten baizik.

Horrez gainera, azalak itxura hori izateko, ontze-kamaran lan handiagoa egin behar dugu, gehiago zaindu behar baititugu gaztak. Ontze-kamaran hezetasun handiagoa izaten dugu, eta azala umel izateak gaztaren barruko hezetasuna gordetzen du eta gazta koipetsua sortu.

Gure belardiak ez dira ereindakoak, naturalak baizik. Horretaz gain, basoan eta mendian asko larratzen dira ardiak. Gure ustez, ardiek jaten dutenak zapore berezia ematen dio gaztari. Gazta bat definitzea zaila da, baina ausartzen gara esatera gureak halako belar ondu zera bat duela. Zapore garatua du, koipetsua, ez da gazia, ez da mikatza. Ahoa hartzen dizu, edo hori da gure asmoa, behinik behin; nahiz eta beti lortu ez.

Halere, dastatzen duenak errepikatzen du.