Nortzuk gara

Pikunieta baserria aurkezpenaBaserrian eta baserritik bizi den familia gara. Pikunieta baserrian, hain zuzen ere. Artzainak gara, eta ardiekin egindako lanetik bizi gara. Gure artaldea txikia da, 140 buru, eta esan dezakegu artaldea gure neurrira egina dagoela; gure beharretara eta ahalmenetara doituta, alegia.

Izan ere, normalean, gu bostok egoten gara; nahiz eta maiz wwooferrak etorri, edota Gomiztegiko eta Catalunyako artzain eskoletako ikasleak. Gurera etortzen direnek interesa dute abeltzaintza ekologikoan, beste lan egiteko modu bat ikusi eta bizi nahi dute.

Lan asko izaten dira baserri batean, eta haiei esker, etxeko martxa modu lasaiagoan daramagu. Izan ere, ardi lanak ez dira ditugun bakarrak. Hemen bizitzeak beste lan batzuk baitakartza; adibidez, umeekin egin beharreko joan-etorriak. Mendian bizita, distantziak ezin dira kilometrotan soilik neurtu, baita ordutan ere; eta kanpoko laguntza horrek horixe ematen digu: denbora.

Haiekiko elkarbizitza oso aberasgarria da, bai guretzat bai gure seme-alabentzat. Izan ere, hainbatetan urruneko herrialdetakoak izaten dira; eta, maiz, gurekin alderatuta, oso esperientzia ezberdinak dituen jendea da, eta artzaintzara hurbiltzeko dituzten arrazoiak oso bestelakoak izaten dira.

Benetan gomendagarria.