Gure produktuak

Gure ustez, saiatu behar dugu, ahal dugun gehienetan, zuzeneko harremana izaten gure produktuak erosten dituen pertsonekin.

Bezeroarentzat abantailak ugariak dira: gertu-gertutik ezagut ditzakegu elaborazio prozesua, lan egiteko moduak, ekoizle horien bizimodua eta lan baldintzak…Gainera, zuzenean erosiz gero, produktua merkeagoa ateratzen zaizu, bitartekaririk ez dagoelako.

Guretzat ere, noski, abantailak egon badaude: zuzeneko harremana, bezeroaren iritziaren berri izatea eta horrek ekar dezakeen hobekuntza eta konfiantza, bidezko prezioan saldu ahal izatea –bai guretzat bai bezeroarentzat–, besteak beste.

Hortaz, gure apustua garbia da –bai erosle bai ekoizle bezala–: harremana ahalik eta zuzenena.

Horrek eraman gaitu –hain zuzen ere– webgune hau egitera: nahiz eta urrun izan, aukera eman nahi dugu Pikunieta Baserria ezagutzeko eta gure produktuak gerturatzeko zuk nahi duzun tokira. Horretarako nahikoa da gurekin harremanetan jartzea.

ARKUME EKOLOGIKOA ZURE ETXERA ZUZENEAN

Gure arkumeak ekologikoak dira, eta ardiei dagozkien baldintzak betetzeaz gain, beste berezitasun bat dute: une oro amarekin daudela, baita belardietan ere.

Bildotsak osorik edo erdiak saltzen ditugu. Nahi izanez gero, erretilutan ontziraturik eta zuk nahi duzun bezala prestatuta (laberako, gisatzeko…)

Etxera –lantokira edota zuk esandako tokira– eramango dizugu zuzenean Oñatiko Zubillaga hiltegitik, garraio enpresa batekin isotermo duen furgonetan, hotz-katea ez eteteko eta produktuak kalitaterik ez galtzeko.

Aurtengo prezioa 12€/kg da.

ARDI GAZTA EKOLOGIKOA ZURE ETXERA ZUZENEAN

Ardi gazta ekologikoa ere zuzenean eros dezakezu, bitartekaririk gabe. Inguruan bazabiltza, etxean bertan.

Kanpora bidaltzea ere badago, garraio enpresa batekin, hotzean.

Zuk hala eskatzen baduzu, hutsean ontziratuko dizugu gazta.

Gazta formatuak dira: osorik, erdiak eta laurdenak.

Prezioa: 19€/kg